ManifESTUA

GURE ESKUALDEETAN KALITATEZKO GARRAIO PUBLIKO ETA IRISGARRIAREN ALDE

Santander-Bilbao trenbidea duela 125 urte abiarazi zenetik, Enkarterri eta Kantabria barnealdeko hainbat herritan, garraio publikoko aukera bakarra izaten da.

Baina, azkenengo 2 hamarkadetan mantentze eta berriztatze lanetan ez inbertitzeak azpiegiturak, gainegiturak eta trenek gaur egun duten egoera kaskarra ekarri du. Horrek eta langileen kudeaketa txarrak zerbitzuaren kalitatea okerrera jotzea eragin dute.

Horren ondorioz, bidaia-denborak handitu dira (gaur egun 1910ean edo 1939an baino handiagoak dira), gorabeherak nabarmen igo dira (atzerapenak, taxi edo autobusetara aldaketak, zerbitzuak bertan behera uztea, etab.), bidaiariari zerbitzu edo gorabeherei buruzko informazio eza eta arreta falta, gertakari baten ondoren zerbitzua normalizatzeko denboraren igoera, beharrezkoak diren lanak ez egiteko abiadura mugak jartzea eta geltokien garbitasun eta zaintza eza, besteak beste.

Horren guztiaren ondorio saihestezina garraiatutako zamen eta bidaiarien jaitsiera nabarmena izan da.

Egoera horren aurrean, kaltetutako zenbait udalek (adibidez, Ramaleskoak eta Karrantzakoak 2014 eta 2016an onartutako mozioak) eta pertsona askok egoera hori salatzeko eta berehala zuzen dezaten eskatzeko 2012ra arte FEVEra, eta ordutik RENFEra (Linearen kudeatzailea) eta ADIFera (azpiegituraren arduraduna) jo dute. Hala ere, gabeziak gabezia 2020ko martxoko itxialdira arte zeuden maiztasunak mantendu ziren. Ordutik, Santander eta Bilbo artean goizez noranzko bakoitzean, 477 egunez, tren bakar bat utzi zuten. Horrek hiriburuetara joan-etorria egunean ezinezkoa egiten zuen.

Horren guztiaren aurrean, egoera salatzeko eta gure eskualdeetan kalitatezko garraio publiko eta irisgarria lortzeko asmoz, Karrantzan 2020ko ekainean, Santander-Bilbao Trenaren Aldeko Plataforma sortu genuen.

Horretarako, plataformatik gauzatu ditugu ondorengo ekintzak, besteak beste: zenbait herritan aurkezpenak eta elkarretaratzeak; Santander eta Bilbon manifestazioak; herritarrekin bilerak; Herriaren Defendatzaileari eta hainbat erakunderen arduradunei (ADIF, RENFE; Kantabriako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia) idazkiak igorri; hainbat alderdi politikoren arduradun eta ordezkari politikorekin (alkate, zinegotzi, diputatu, senatari eta Kantabriako Gobernuko arduradunekin) batzartu; kaltetutako udaletan mozioak proposatu, ia beti plenoan onetsiak.

Protesta eta proposamenak urte luze batez egin ondoren pandemia aurreko maiztasunak berreskuratu dira. Hala ere, Linearen egoera kaotikoa da.

Gertakaririk ez egotea salbuespena da (atzerapen handiak, aldaketak, zerbitzuak bertan behera uztea, etab.).

Gure eskualdeetan errepide bidezko sarbideen egoera kaskarra eta azpiegitura gabeziak agerikoak dira. Gazteek formakuntza jasotzeko hiriburuetan etxebizitza alokatu behar dute. Lan, osasun arreta, kudeaketa administratibo edo aisialdirako mugitzeko zailtasunek despopulatzearen arazoa handitzen dute. Batez ere, kontuan edukita gure biztanleriaren batez besteko adinagatik garraio publikoarekiko menpekotasuna handia dela. Linearen egoerak turismoan ere eragiten du. Gure herrietan gogaitasuna zabaldu da. Abenturarik gabe bidaiatu nahi dugu.

Ez dugu ulertzen alde batetik MITMAk (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) urtero trenbideetan gastatzen duenaren oso zati txikiarekin mantendu edo berritu daitekeen eraikita dagoen azpiegitura bat albo batera utzi izana eta beste alde batetik ordezkatzen gaituzten erakunde guztiek gure eskualdeetako herritarrak ahaztu izana.

2013an Linearen arduradun aldaketa, FEVEtik RENFE eta ADIFera, ustel atera da, Linearen ondasun material eta langile askoren galera eragin baitu. Zama-garraioak ere kudeaketa txarra pairatu du. Urte gutxitan Lineatik garraiatutako tona jaitsiera 1.500.000tik 200.000ra izan da (pandemia aurreko datuak). Garraio horrek Linea finantzatzen laguntzen du eta errepidetik garraiatzearen ondorio kaltegarriak murrizten ditu: kutsadura eta gastua txikitu, errepideetan trafikoa gutxitu eta segurtasuna handitu, etab.

Lineak etorkizuna du. Herrien etorkizuna, Linea barik, kolokan legoke. Horrexegatik, trenbide hau igarotzen den eskualdeetan garraioaren ardatz nagusia izan dadin eta beste garraiobide batzuek elika diezaioten eta lehiakideak edo garraiatzeko beste aukera bat izan ez daitezen Linearen inguruko udalei, Kantabriako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko garraio arduradunei, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari, Europar Batasuneko erakundeei eta batez ere, ADIF eta RENFEren arduraduna den MITMAri kalitatezko garraio publiko eta sozialaren aldeko premiazko neurri eraginkorrak jasotzen dituen garraio plan orokor eta zehatza eskatzen diegu.

Plan horrek jaso behar ditu ondorengo helburuak:

- Linearen historian bidaia-denborarik onenen berreskurapena (2002).

Karrantza-Bilbao 58 minutu (tarteko 10 geldialdi)

Karrantza-Santander 81 minutu (tarteko 13 geldialdi)

- Puntualtasuna, 5 minutu baino gutxiagoko atzerapena helmugan.

- Taxi eta autobusetarako aldaketak berehala ekiditea, oso beharrezko kasuetan izan ezik.

- Bidaiariari unean uneko gorabeherei buruzko argibidea ematea geraleku guztietan.

- Maiztasun eskaintza handitzea eta ordutegiak herritarren beharretara egokitzea.

- Beste garraiobideekin koordinatzea eta tarifa bakarra jatorria eta helmuga tartean aldaketak egin behar direnean egotea. .